top of page

UXUE FERNANDEZ LASARI EGINDAKO

ELKARRIZKETA

Uxue Fernandez Lasak ikerkuntza ugari egin ditu emakumeak eta pilotaren inguruan eta gaur egun Deustuko uinbertsitateko irakaslea da. Hona hemen berari eginiko elkarrizketa.

1: Nola hasi zinen pilota munduan?

 

Gomazko paletan federatu lez jokatzen 2006-2007 denboraldian hasi nintzen, uda amaieran beste pilotari batzuekin pare bat entrenamendu egin eta probatzeko urratsa ematea erabakita.

Hor bost denboraldi eman nituen buru belarri, asteburuz asteburuko txapelketa eta partiden zurrunbiloan murgilduta, ordutegi bateraezintasun eta antolaketa zailtasunak medio utzi nuen arte, 2010eko abenduan. Hortik aurrera ere, ordea, oso hurbiletik segi dut emakumezkoen pilota mundua. Besteak beste, bitarte horretan ere, 2007tik 2010era hiru urtean lan egin nuen Emakumea Pilotari egitasmoko teknikari eta komunikazio arduradun lez (hau 2012ko udara arte) Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioan. Aberasgarria bezain emankorra da ertz ezberdinetatik begiratu eta ezagutzea errealitate bat, irakurketa zabalagoa egiteko abagune aparta baita. Beraz, nire ogibide nahiz egunerokoan ordu asko eman ohi nituen pilota buruan, arlo eta esparru ugaritan: eskola kirola eta hastapena, errendimendua eta aisialdiko kirola. Beste horrenbeste eta are gehiago ikerketa munduan sartu, 2010eko udazkenean, eta ildo horri eta erronka horri heldu nionean, doktorego tesia emakume pilotarien testuinguruari eta errealitateari lotua osatu nuelako, 2014ko udaberrian defendatu arte. Ordutik aurrera ere arlo hau oso nirea dela sentitzen dut eta saiatzen naiz ahal dudan heinean nire laguntza eskaintzen nahi eta/edo behar duen horri, aurrerapausoak emateko tartea bai baitaukagu, eta ez txikia, gainera. Beraz, jarraitzeko gogoa, asmoa eta beharra daudela ikusten dudan bitartean saiatu nahi dut horri eusten, ikusle, aholkulari, jardule edo dena delako eragile bezala dagokidan kasu eta egoera bakoitzean erantzuten, nik honetan sinesten dudalako, emakumeok ere bagarelako pilotari.

 

Pilotari eta pilotalekuei lotuta, ordea, nire aisialdian, haurra nintzenetik aritu naiz. Gure aitak pilotak egiten zizkigun, barruan kortxoa zutenak, eta ni haiekin aritu ohi nintzen, hasieran haur-haurretan berekin, frontoian 4-5 urte nituenetik. Hala diote etxean. Ikastolan ere gelakide guztiek zuten nik emandako pilotaren bat eta jolasorduetan 14 urtera arte beti nintzen ni pilotan, mutilekin betiere, jolasean aritzen nintzena. Orduan Ikaspilotako finala jokatu nuen gelakide bati, neska hura ere, nirekin izena emateko mesedea eskatuta, bakarrik nengoelako bestela, Tolosan. Herri mailan txapelketa pare bat jokatu nituen, bikote misto bakarra osatuz lehengusuarekin, baina ez nintzen lehiaketa esparruan murgildu euskal pilotan. Beste neskarik ez nuen inguruan eta herriko elkartera ere ez nuen jo. Ni ipurtarina naiz eta beste kirol batzuetan zein beste esparru batzuetan ere banenbilen saltsa bat baino gehiagotan garai hartarako. Hortik aurrera ere aisialdian jarraitu nuen, lagunekin batik bat eskuz eta frontenisean aritu izan nintzen, eskualdean larunbatean libre aurkitzen genuen frontoiren batean. Federatuta egoteari utzi nionean ere aisialdiko paleta ikastaroetan aritu nintzen 2011-2012 ikasturtean (tesirako datuak jasotzeko behaketa parte hartzailea eginez) eta ordutik mantentzen ditudan harreman batzuei eutsiz oso tarteka-marteka bada ere frontoira hurbiltzen naiz oraindik. Gaur egun, ordea, gehiagotan joaten naiz ikusle lez gurpil aulkiko erakustaldiren batera edo nesken saioren batera edo erreboteko partidaren batera edo, ikusezinagoak diren esparruetarako joera daukat azkenaldian. Hauek nolabait ikusgarri egitea eta inguruan ezagutaraztea garrantzitsua iruditzen baitzait.

 

2: Ze zailtasun izan dituzu pilota munduan sartu, iraun eta lehiatzeko? Eta zerk bultzatu zintuen jarraitzeko?

 

Erresistentzia asko aurki ditzake edozein emakumek zein neskatilak kirol munduan txertatzean eta are handiagoak sistema androzentriko horren baitan “gizonezkoen kirol” deituriko horietako batean hasiz gero. Adibide bat da euskal pilota. Estereotipo ugari daude edonon eta pilota munduan, adibidez, “marimutil” dei dakioke abila den neska bati bakarretakoa denean taldean, bere aurka jokatzean duen mailaren berririk jakin gabe gutxiestea neska izate hutsagatik, bere balioa demostratzeko ahalegin gehigarria egin beharra neska izate hutsagatik, ona izatearen karneta eman beharko balio bezala norbaitek (noski, gizonezkoa da berme hori eman dezakeena), entrenamendu ordu eta lekuak duinak izan daitezen borrokan aritu beharra elkartearen baitan, hedabideetan agertu eta minutu erdiko presentzia nahiz ikusgarritasuna lortzeko kazetari nahiz irrati-telebistekin zuzeneko hartu-emanean ia erreguka ekin eta ekin aritzea, gizonen ahotik komentario matxistaren bat edo beste entzun beharra, eta abar luze bat. Zergatik hau guztia? Askok oraindik ere uste dutelako euskal pilota ez dela emakume zein neskentzako hain hain kirol edo testuinguru egokia, badaudela egokiagoak. Egiazki gezurra delako jendartean eskubide eta aukera berdintasuna egitate bat dela gizon eta emakumezkoen artean, ez dagoela norbanako bakoitzaren sexuagatik egindako diskriminaziorik. Hobetze bidean akaso egongo gara, baina luzea, malkartsua eta nekosoa da ibilbidea oraindik ere.

Nik kontzienteki jasan ditut horietako batzuk federatua nintzen garaian, orduan ia nire genero identitatea eta nortasuna sendoagoak zirelako, batzuetan entzungor eginda eta beste zenbaitetan argudiatuz buelta emanda kontuari. Beste batzuk, haurtzaroan pasatakoak, berriz, ondoren sailkatu izan ditut multzo horretan, behin diskriminazioei aurre egin beharra eta genero rol horietan oinarrituriko diskriminazio edo gutxiespen ekintza eta kasuak igaro eta urte batzuetara dituzun esperientzien barruan kokatuz atzera begiratzean.

 

Nik beti esan dut emakume pilotari oro, den arlokoa izanik ere, borrokalaria dela lehenik eta behin, testuinguruko oztopo eta zailtasunak gainditzeko gaitasuna behar delako bidean etsi eta amorerik emango ez bada.

Irauteko egoskorkeria eta segitzeko gaitasuna behar dira, noski, baina interesgarriagoa da iraun baino jarraitu eta egiten duzun hori bizitzeko eta gozamen iturri izan dadin bideak urratzea. Jarraitzeko talde giroan indarra jartzea funtsezkoa, ia-ia hil ala bizikoa, dela uste dut. Hala diote ikerketek, gainera, harreman positiboek atxikimendua sortzen dutela jarduera nahiz jende multzo horrekiko eta harreman on batek beste bati eta hirugarren bati eta hurrengoari bidea emanez eraikitzen dira harreman sareak. Ezinbestekoak, arnasguneak eta atxikimendurako benetako oinarria direnak. Horrekin batera, noski, baita ahalduntzea ere, egoeraren irakurketa egin eta zailtasun horiek aukera bihurtu eta erronka berri horiei tiraka testuingurua aldatzeko benetako eragile bihurtuz norbera. Norbere burutik hasi eta inguruan ditugunoi eskutik helduta, eragile oro, gainera, esparru oso ezberdinetakoak izanik ere, osa daiteke sustatzaile multzo bat eta horrek testuingurua beste norabide eta ikuspegi batera bideratzeko ateak ireki ohi ditu, txarra dena kritikatze hutsetik hobetu eta eraldatzeko urratsa emanez.

 

 

 

 

 

 

3: Beste kirolen batean aritu zara? Baietz bada, ze ezberdintasun aurkitu dituzu?

 

Nik eskola kiroleko adinean kirol asko probatu nituen eta hortik atletismora bideratu nuen nire jarduna, garai hartan inguruan ere aukera askoz gehiago ez zeudelako egia esan, erdi oharkabean. Pilotako errendimenduko bidea utzi ostean berriro ere atletismoan eta duatloien batean edo bestean aritu naiz. Beraz, esan dezagun banakako kiroletan aritu naizela lehiaketa esparruan.

 

Euskal pilotan binakako partidetan lau dira parte hartzaileak eta aurrez aurre aritu ohi dira norgehiagokan partidetan, baina talde kirola da. Kantxatik kanpokoak eta barnekoak zerikusi gutxi izan ohi dute bestea garaitze edo urrun sentitzeari dagokionean bederen. Beraz, talde izaera horrek indar izugarria du eta sozialki zein harremanen esparruan benetan aberasgarriak eta onuragarriak diren aukerak sortzen dira bertan. Penak zein pozak partekatzeko norbait izatea, partida amaitu ostean zein aurretik tabernan egindako egonaldi naiz otorduak, pilotalekuan paletaz pilota kolpatzen egindako tartea adinako iraupena duten hitzaspertuak,… horiek dira benetako ondarea. Horiek ondoren jarraitzeko motorra eta atxikimendurako bidea. Inor ez zaizu etorriko, adarra jotzeko ez bada, 30era heldu zaren ala ez galdetzera lagunartean zaudela, orduan emaitza oso iragankorra eta unekoa oroitzapena da. Bestea da geratzen dena eta bestea zaintzea komeni dena: talde izaera eta harreman sarea.

 

4: Aurrekoarekin erlazionatuta, uste duzu emakume gutxi egoten direla gutxi direlako berez ala benetan uste dugun baino gehiago daude, baina ikusezinak dira?

 

Hedabideak ez ditut aipatu orain arte, baina bigarren galderan ere aipa nitzakeen. Eragile garrantzitsuak dira ikusgarritasuna eta bultzada emateko bidean eta bidelagun ezinbestekoak emakume pilotarien berri lau haizetara nabarmenago, zuzenago eta egokiago zabaltzeko. Zergatik ez duten egiten? Hori beraiek erantzun beharko lukete, baina nik uste dut zuzentasun politikoaren eta kupoen baitan kokatzen dela gaur egun emakumezkoek egindako kirolari ematen dioten oihartzuna. Beraz, errealitate horren baitan pentsa emakume pilotariak non kokatzen diren Bera Bera (Zuazo maila apalagoan), emakumezkoen futbol taldeak, saskibaloi taldeak, norbanako punta puntako munduko edo olinpiar txapeldun handiak (Maider Unda, Maialen Chorraut, Naroa Agirre), etab. ez badira ia agertzen ez bada benetan titulu bat lortu dutelako, erretiroa hartzera doazelako edo ezusteko gertaeraren bat izan delako?

Herri mailako aldizkari eta egunkarietan jarraipen zehatz eta egokixeagoa egin ohi zaie emakume pilotariei, noski, hor ere merezi baino murritzagoa, baina nazio mailakoetan ikusezinak dira beraien lorpen eta ibilbideak, eta zer esanik ez ustez kirolean espezializatuta dauden egunkari erraldoi eta indartsu matxistenetan.

 

Gutxi izatea eta ez agerraraztea maila berean jarri ohi dituzte batzuk, hedabideetan ez agertzeko justifikazio moduan, baina ez da gauza bera. Izan bagara, baina ez ikusgarriak.

 

 

 

 

 

 

 

 

5: Zer uste duzu aldatu behar dela emakumeak pilota munduan gehiago murgiltzeko?

 

Hasteko, beraien beharrak ezagutu behar dira. Hori ez da bulego bateko telefono edo ordenagailutik egiten, baizik eta frontoietara joan eta benetako protagonistekin, pilotariekin, hitz eginda: zein den euren helburua, zein behar dituzten, zein ahulgune dauden, zein indargune nabari dituzten, zein baliabide behar, etab. Esparru denetan, gainera, izan hastapena, errendimendua edo aisialdiko testuingurua. Nahi duten esparruan aritzeko aukera eskaini eta gauzatzea bermatu, inolako diskriminazio eta ezberdintasun egoerarik pairatu beharrik gabe. Gainera, horretan bidelagun izan behar dira eragile guztiak: hedabideak, agintari politikoak (herri mailatik nazio mailaraino), pilota elkarteak, pilota federazioak, pilotariak, pilotarien hurbileko laguntzaileak, enpresa pribatuak, kirol kudeatzaileak, ikerlariak, etab.

Eragile orori dagokio benetan sinestuz gero apustua egin eta kopuru horiek handitu eta emakume pilotariek ere euren espazioa izan dezaten estrategiak pentsatu, adostu eta martxan jartzeko konpromisoa erakutsi eta betetzea. Hartu-eman eta borondateak benetakoak balira egiazki beste egoera batera iristeko bidea askoz ere lauagoa litzateke. Zergatik dira ikusezin erraketistak eta ez zaie ahots eta espaziorik eskaini beraien profesionaletako urte haiei eta hango bizipenei, zergatik utzi ditugu ahanztuaren kutxan? Zergatik ez eguneratu Emakumea Pilotari egitasmoa gaur egungo beharretara eta Euskal Herri mailako proiektu bat sortu?

 

Jarduera fisikoari zuzenki erreparatuta, ordea, aurrez aipaturiko atxikimendua sustatu eta bermatzeko sistemak aurkitzen saiatzea garrantzitsua dela deritzot, talde izaera eta talde giro hori indartu eta hortik pilotarekiko lotura berezia eta iraunkorra sortzen saiatzeko:

- Entrenamendu nahiz saioetan kutsu edo izaera kooperatiboko egoerak sustatu eta indartu. Elkarren laguntza lortu behar duten proposamenak izan daitezela lehia kutsua edo bestea kanporatzea izanagatik jokoaren jatorrian. Adibidez, txokotan egin edo partidak hirunaka eta elkar txandatuz errelebo moduan.

- Talde giroa sustatu. Saioetan bertan nahiz hortik kanpo ekintzak burutu. Adibidez, Emakumea Pilotari egunaren izpiritua hedatu eta jorratu (g)une ezberdinetan.

- Saretzea hain sartuta dauden teknologia gailu eta sareen bidez loturak mantentzeko eta indartzeko bitartekoak eskaini. Adibidez, kezka eta elkarren esperientziak partekatzeko eztabaida eta ahalduntze foro baten sorrera.

 

Laburbilduz, emakume pilotarien egoera aldatzeko gutako bakoitzak jarri beharko du bere hondar alea, gauden esparrutik, eta eraldaketa prozesua etenik gabea eta iraultzailea izan dadin bermatzeko konpromisoa manten dezagula.

bottom of page