
Emakume pilotariak: gure taldea, gure ordua
Uxue Fernandez-Lasa, Oidui Usabiaga Arruabarrena, Julen Castellano Paulis
Jarduera fisikoa eta kirolaren arloan adituak diren hiru irakasle hauek Gipuzkoan aisialdian parte hartzen duten emakume helduak izan dituzte aztergai, zehazki, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolatutako Emakumea Pilotari egitasmoko partaideak. Ikerkuntza honen helburua emakume pilotarien eta haien arteko erlazio sozialen gaineko ikerketa egitea zen: nolakoa zen haien arteko harremana, lehiakortasunak mugatzen al zituen elkarrekiko trukeak, ea taldeko jarduera izatera heltzen zen, erlazio sarerik sorturik al zuten …
Hori ikertzeko lanean hasi ziren: entrenamenduetan behaketak egin, elkarrizketa batzuen ondotik informazioa atera …
Lanarekin jarraitzeko, bildutako datuen analisi sakona egin zuten, hiru fasetan bereizi zutena: deskubrimendua, kodifikazioa eta, azkenik, interpretazio bidez, lotura eta kontzeptuak sortzea.
Gainera, esan beharra dago, ikerketa-proiektu honek Euskal Herriko Unibertsitateko Irakaskuntzaren eta Ikerketen Etikarako Unibertsitate Batzordearen onespena eta ziurtagiria jaso dituela, nahiz eta anonimotasun batetik abiatu den, izen errealen odez izengoitiak erabilita, esaterako.
Ikerkuntzaren emaitzek jakitera eman zutenez, taldean jarduteak nolabaiteko atxikimendua eragiten die pilotariei jarduerarekiko. Emakumeentzat oso garrantzitsua da talde bateko partaide sentitzea eta harreman sendoak dituztenekin aritzea.
Talde-izaeraren garapena gertatzen da elkarrekiko lotura indartuz joan ahala, pilotariek elkarrekikotasunean gora egiten baitute, eta banaka jardutetik, taldeko kide izatera, igarotzen dira. Harreman horietarako
gakoetako bat da espazio eta denborak partekatu eta elkarrekin ongi pasatzea, benetako sozializazio eta talde-kohesioa lortuz.
Ez hori bakarrik, talde giro sendo eta alai horrek hiru hormak gainditzera eraman ditu emakume hauek, eta pilotalekuaz gain, bazkari edota afariak egiteko ere bildu ditu. Hain da ona haien arteko harremana, harik eta “familia” bat bezala kontsideratu izan duten elkarrekiko trukea.
Ondorio bezala, esan daiteke pilotako jarduerak eta saioetako ariketak errendimendura eta teknika-taktika hutsera bideratu ordez, harremanen alderdian sakontzera bideratu dituztela, txokotan (barru, kaleketan …) bezalako joko tradizionalak erreminta gisa erabiliz. Horrela, taldekideen arteko loturak sustatu eta indartu dira, elkarrekiko trukeak erdigunean jarri dituztelarik.